Zer da xixka?

XIXKA, Gipuzkoako Ilusionismo Elkartearen jatorria, Espainiako CEDAM eta SEI izeneko taldeek Donostian izandako bilguneetan dago. Lehenengo urte haietan Donostian antolatu ziren estatu mailako ekimen entzutetsuak, tartean Konbentzio Nazionala (1969.ean) eta Biltzar Magiko Nagusia (1972.ean).

Lehen aro emankor hartan Manolo González eta Joxean Alkorta kirol kazetari ezaguna gailendu ziren Gipuzkoako magoen artean. Gero, barealdia heldu zitzaigun, 1983. urtean Gipuzkoako Ilusionismo Elkartea antolatu zen arte. Berritzearekin bat etorri ziren taldekideen emanaldi ugariak, magia tailerren sortzea, eskola eta ikastoletako hitzaldiak, magiaren historiari buruzko bideo baten ekoizpena eta, horiekin batera, saio benefikoak eta ekitaldi instituzionalak.

Azkenik, 1993.ean, Elkarteak bere adin nagusira iritsi zen, aurrerantzean XIXKA izenarekin ezagutuko zelarik. Eta XIXKA bezala, ekitaldi anitzetan esku hartu izan du ordutik hona, hala nola Tolosako Magialdiak izan zituen sei edizioetan, 1993.eko HIESaren aurkako Jaialdian, 1994.ean Peñaflorida Institutuan ospatutako OSCUS Jaialdian, Kilometroak 95ean, Donostiako Aste Nagusian…

XIXKAren xedea, bere araudiak ageri bezala, ilusionismoa, bentrilokia eta antzekoen zaletasuna areagotzea da. Horretarako, xixkakideak astero izaten dituzten bileretan (zeinetan ideiak, joku berriak edota materialeak elkartrukatzen dituzten) saiatzen dira elkar laguntzen eta mago gai berriak artistikoki bideratzen, denon artean zaletasun eder hau mailarik gorenera jasotzeko asmoz.

Baina… Zergatik Xixka? Xixka hitza gure artearekin oso loturik dagoen terminoa da, gazteleraz escamotear deritzona, hain zuzen. Azken finean era askotako objektuak ezkutatzea zati oso garrantzizkoa denez magian, izen ezin hobea delakoan gaude gure elkartearentzat.

Kokapena